Ilazki: 50 urte argia ematen
Mende erdi bat euskararen aldeko konpromisoan: irakaskuntzan eta komunitatearen eraikuntzan.
Duela 50 urte, berreuskalduntzearen garai sutsu eta, aldi berean, neketsuan sortu zen Ilazki, ausardiaz, ilusioz eta lan handiz, helburu jakin batekin: euskara biziberritzea, transmititzea eta eguneroko bizitzaren erdigunean kokatzea. Eta helburu horrek gaur egun ere indarrean dirau.
Ordutik hona, denborak aurrera egin du, mundua aldatu egin da, eta gu ere aldatu egin gara. Baina bada zerbait aldatu ez dena: geure konpromisoa, euskara ikasteko biderik eraginkorrena eta, aldi berean, atseginena eskaintzea. Izan ere, serioak gara, baina ez aspergarriak!
Bost hamarkada hauetan, topagune ere izan da Ilazki, eta euskararen ikasgelatik haragoko erabilerari ere garrantzia eman diogu; euskararen zabalkundeari, alegia. Milaka istorio, erronka eta lorpen partekatu ditugu, eta, 50 urteren ondoren, ilusio horri eusten diogu.

Baina bidea ez dugu bakarrik egin. Gurekin izan ditugu eta oraindik ere baditugu geure ikasleak: euskara ikasten lehen urratsak eman nahi dituztenak, aukera berrien bila dabiltzan profesionalak, beren sustraiak berreskuratu nahi dituztenak, geure kulturaren partaide izan nahi dutenak izan bertako zein atzerriko… Horien konfiantza ere bada geure bidelagun, eta horiei esker ere bada Ilazki gaur egun dena: askotarikoa.
Horregatik, 50. urteurren hau ez da soilik atzera begirako ospakizuna. Harro gaude egindako bideaz, eta ilusio horri esker, bizitasunez jarraitzen dugu etorkizuna eraikitzen, geure komunitatea hazten joan dadin etxe barruan zein kanpoan; kalean, familietan eta belaunaldi berrietan…
Ilazki: 50 urte zuekin…, eta bideak aurrera darrai!